(EUSK) Pedagogia Waldorf

Pedagogia Waldorf

 

Rudolf Steiner Austrian jaio zen 1861ean eta Suitzan, Dornach-en, hil 1925ean. Doktorea zen Filosofia eta Letretan, baina beste hainbat arlo ere jorratu zituen: Matematikak, Fisika eta Zientziei eta Arteei loturiko beste hainbat gai. Goetheren lan zientifikoa errotik aztertu zuen, eta azterketa horren ondoren Goetheanum Zientzia Espiritualaren Unibertsitate Librea sortzea erabaki zuen. Unibertsitateak Basilean, Suitzan, zabaldu zituen ateak eta hango era guztietako mintegi eta lantegiek mundu osoko ikasleak erakarri zituzten. Baina, Rudolf Steiner bereziki antroposofiaren, hau da, gizakiaren ezagutzan oinarritzen den zientziaren aita izateagatik da ezaguna. XX. mendetik aurrera gizaki modernoak mundua eta bere burua beste modu batean ulertu behar zituela sentitu zuen argi eta garbi.

Alabaina, Steinerren fruiturik aipagarrienetako bat hezkuntzak jaso zuen: gaur egun Waldorf pedagogia izenez ezagutzen dena. Gizartea etengabe berritzen ari den garai honetan, askatasunerantz bideratzen du haurraren eta gaztearen hezkuntza.

Heziketa arte bihurtu zuen, artea gizartea benetan eraldatzeko giltzarritzat zuelako; eta horregatik, artea da Waldorf pedagogiaren oinarrietako bat.

Waldorf pedagogia gure mendeko aldaketa nagusiekin batera sortu zen. Lehen Mundu Gerra igaro berri zela (1919), Emil Molt industria-gizonak eskola aske bat antolatu eta zuzentzeko enkargua eman zion Rudolf Steinerri. Eskola Stuttgarten zuen zigarro-fabrikako langileen seme-alabentzat izango zen. Steinerrek enkargua onartu eta lehen irakasle taldea prestatu zuen. Bost urtez izan zen eskola berriaren zuzendari eta denbora horretan hezkuntza- eta gizarte-eredu bizia sortzen ahalegindu zen, Erakunde Sozialen Triformazioaren ideian oinarrituta.

Heziketak lan artistikoa behar duela izan kontuan hartuta, giro aske eta sortzailea behar du gauzatzeko, eta horrekin batera, irakasleen eta gurasoen arteko lankidetzan behar du oinarritu, jarduera ororen ardatza ikasleak direlako beti.

Haur-hezkuntzatik 18 urtera bitarteko garaia (haurtzaroaren eta nerabezaroaren artekoa, alegia) hezkidetzan bizitzen dute eskola hauetako haurrek. Bestalde, orainaldiko eta geroaldirako eskolak dira eta, beraz, hauetan oinarritzen dira: haurraren garapen ebolutiboan eta milaka urteetako kultur herentzian, baina bizitza modernoaren eskakizunetara egokituta. Maisu-maistrek gainera, alderdi intelektuala, artistikoa eta praktikoa uztartzen dituzte beti, eta astean behin klaustroa egiten dute, eguneroko lana sakon aztertzeko eta profesionalki etengabe prestatu eta eguneratzeko. Gainera, Waldorf eskoletan haurrek ez dute azterketarik egiten eta ez dute errendimendu-eskakizunei erantzun beharrik. Aitzitik, haurren arteko lankidetza bultzatzen da, baina indibidualtasuna oinarritzat hartuta.

Stuttgarten 1919an sortu zen lehen Waldorf eskolak izugarrizko oihartzuna izan zuen Alemanian eta inguruko herrialdeetan. 1923tik aurrera R. Steiner jardunaldi pedagogikoak antolatzen hasi zen eta eskolako maisu-maistrei hitzaldiak ematen. Horiek guztiak akuilu ona izan ziren Holanda, Ingalaterra, Suitza eta Alemaniako eskola ugariren sorreran. Gero, Bigarren Mundu Gerran, eskola guztiak itxi egin bazituzten ere, ideia pedagogiko bikain hark zabaltzen jarraitu zuen klandestinitatean, 1945ean jakin zenez.

Gaur egun, munduan 2.000tik gora dira Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko Waldorf eskolak, eta Haur Hezkuntzakoak, berriz, 1.900 baino gehiago. 90 bat herrialdetan daudenez zabalduta, herrialde behartsuetan (Brasil, Ekuador, Kolonbia, Peru) zein aberatsetan (Suedia, AEB, Kanada eta Australia) aurkituko ditugu, eta, beraz, edozein haur joan daiteke eskola horietara, izan ere, era guztietako haurrak onartzen dituzte, kulturari, jatorriari, maila sozial eta ekonomikoari zein erlijioari erreparatu gabe.

Espainian hogei bat ekimen daude Waldorf pedagogia ardatz harturik eta Espainiako Waldorf Ikastetxeen Elkartea osatzen dute. Garrantzitsuena Madrileko Las Rozaseko Micael ikastetxe librea da. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza eskaintzen ditu, eta berriki baita Batxilergoa ere. Lehen Hezkuntzan, dena den, badaude beste eskola aipagarri batzuk ere: Aravacakoa (Madril), Bellaterrakoa (Bartzelona) eta Benidormekoa (Alacant). Eta beste hainbat probintziatan (Oviedo, Girona, Valentzia, A Coruña, Segovia, Cadiz, Malaga, Granada…) Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak zabaltzeko proiektuak ari dira jorratzen.

Askatasuna oinarri-oinarrizkoa da kultur bizitza sortzailea izateko.

Rudolf Steinerrek hainbat arlotan egin zuen lan. Heziketari eta gizarteari loturiko gaietan ez ezik, nekazaritzan, pinturan, musikan eta kantuan ere aritu zen. Gainera, hitzaren artea eta euritmia (mugimenduaren artea) ere sortu zituen, eta gutxi balitz, medikuntza antroposofikoaren eta pedagogia sendatzailearen alorrean ere urrats garrantzitsuak eman zituen. Europaren erdialdean oso ezagunak dira antroposofiari loturiko klinikak eta heziketa bereziko ikastetxeak, baita laborategiak ere (produktu farmazeutiko eta dietetiko ugari merkaturatzen dituzten Weleda, Ischia, Wala). Eta batzuetara zein besteetara ikasle eta mediku ugari joaten dira antroposofiaren ikuspegi berria ezagutzera.

Rudolf Steiner, bestalde, egungo nekazariak naturarekiko lotura galduta duela konturatu zen, eta galera horri erantzun nahian nekazaritza biologiko-dinamikoa sortu zuen, hain zuzen ere, elikatzen gaituen lurrari estuki lotuta zegoen antzinako nekazariaren jakinduria berreskuratu nahian. Nekazari hura, egungoa ez bezala, landareen hazkuntza zuzentzen duten metamorfosien jakitun zen, eta nekazaritza biodinamikoaren bidez, egungo nekazariak aukera du bizi-funtzioei zentzua emateko eta hainbat xehetasun kontuan hartzeko: urtaroen joan-etorria, planeten eraginak, ereiten diren hazien arteko “sinpatia” eta “antipatiak”… Beraz, nekazaritza biodinamikoaren helburua ez da uzta kosta ahala kosta bikoiztea; aitzitik, mundu organikoaren legeak, soroen erritmoa eta haziek behar duten denbora ezagutu eta errespetatzea. “Kultibo” eta “kultura” hitzak familia berekoak omen dira eta, egia esateko, historian zehar kulturak eta arteak giza pentsamendua, fantasia eta borondatea hazten eta loratzen lagundu dute.

  1. Steinerren lana hobeto ezagutu nahi dutenek argitaletxe hauetara jo dezakete, haren hainbat liburu eta konferentzia gaztelaniaz, portugaleraz eta katalanez kaleratuta dituzte eta. Ildo bereko gaietan (Nekazaritza Biodinamikoa, Waldorf Pedagogia, Pedagogia Sendatzailea, Medikuntza eta Terapia Antroposofikoak, Soziologia, Historia, Arkitektura eta beste arte batzuk) jardun duten autoreen literatura ere eskaintzen dute:
  • Editorial Rudolf Steiner, Calle Guipúzcoa, 11, 1º Izqda., 28020 Madrid, España; www.editorialrudolfsteiner.com
  • Quaderns Pau de Damasc, Apartat 95 – CP 08197 Valldoreix, Barcelona. E-Mail: cuadernos@paudedamasc.com
    Web: www.paudedamasc.com
  • Editorial Antroposófica, Cañada 220, Del Villa Obregón, 01900 México, D.F., México;
  • Editorial Epidauro, Ramos Mejía 2615, AR 1609 Boulogne, Provincia de Buenos Aires, Argentina;
  • Editorial Antroposófica Crisólogo, Larralde 2224, Capital Federal, AR 1429 Buenos Aires, Argentina;
  • Editorial Antroposófica, Rua Sao Benedito 1325, Casa 45, Sao Paulo, Brasil;

subir